Martitzenera arte, zerbitzu publikoak jai-egunetako funtzionamenduarekin

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 13a, 09:10

Bihartik, eguena, datorren asteko martitzenera arte, zerbitzu publikoek jai-egunetako funtzionamendua izango dute. Besteak beste, kiroldegia goizez zabalduko dute, osasun zerbitzuak Eibarren eta Mendaron eskainiko dituzte eta udaletxea itxita izango da.

Kiroldegiari dagokionez, bihartik martitzenera arte, goizez izango da zabalik, 09:00etatik 13:00ak arte. Martitzenetik aurrera, berriz, ordutegi normala berreskuratuko du.

Igerilekua itxita

Hori bai, datorren eguaztenean, apirilaren 20an, kiroldegia zabalik izango da baina igerilekua itxita, filtroak garbitu behar baitituzte.

Osasun zerbitzuak eta udaletxea

Osasun zerbitzuei dagokienez, berriz, martitzenera arte, larrialdiren bat gertatuz gero, Eibarko ospitalera jo beharra dago; beharrezko ikusten badute, handik bideratuko dituzte pazienteak Mendarora.

Etxeko larrialdi kasuak artatzeko, berriz, 112 zenbakira edo 943 46 11 11 zenbakietara deitu beharko da.

Azkenik, udaletxeari dagokionez, gaur 14:00etatik martitzeneko goizera arte itxita izango da.