COVID-19 koronabirus kasu ugari herrian

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 5a, 17:05

Anbulatorioa gaur, martitzena.

Gaur, martitzena, anbulatoriotik ohartarazi dute herrian COVID-19 koronabirus kasu ugari atzematen ari direla. Familia osoak daude kutsatuta. Mesedeetako egoitzan, adibidez, gaur, bederatzi positibo daude baina egunotan, 12 ere izan dira. Egoeraren aurrean, anbulatoriotik kontuz ibiltzeko mezua helarazi nahi diete herritarrei eta gogora ekarri dute leku itxietan komenigarria dela maskara jantzita erabiltzea.

Anbulatoriotik emandako xehetasunen arabera, atzemandako kasu gehienetan, gaixoek sintoma arinak dituzte, “baina zenbait kasutan larriagotu egin daiteke, beraz, kontuz ibiltzea komeni da”, gaineratu dute. 

Zenbatekoari buruz galdetuta, berriz, esan dute ez dutela kopuru zehatzik, gaur gaurkoz, bakarrik kudeatzen eta konfirmatzen baitira lanean baja behar dituzten kasuak edo oso kasu larriak.

Edozein kasutan, gomendatu dute, batik bat, taberna barruetan eta oro har, leku itxietan maskara jantzita eramatea, izan ere, maskara geroago eta gutxiago erabiltzen ari da eta uste dute hortik datorrela kasuen gorakada.

Egoitzan

Mesedeetako egoitzari dagokionez, berriz, azken egunotan 12 egoiliarrek eman dute positibo COVID-19a atzemateko probetan, guztiak ere lehenagotik gaixotasuna pasatu bakoak. Hori bai, egoitzako kasuak ere ez direla larriak esan dute.