Atzo, gogora ekarri zuten hilean 1.000 euro baino gutxiago irabazten duten sei milioi pentsiodun daudela eta besteak beste, horietako asko behartuta daudela elikaduran gutxiago gastatzera eta askok berotzeari ere uko egin behar izan diotela, energiak %80ko igoera izan baitu.
Salatu zutenez, agintariak orain “errenta-itun batekin” datozela, “gerrikoa estutzea, soldatak eta pentsioak murriztea gerra aitzakiatzat hartuta”. Baina aldiz, enpresen, bankuen eta abarren irabaziek bere horretan segitzen dutela. Adibidez, “2021ean Ibex 35eko enpresek 50.000 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituzten, eta gehienak akziodunen artean banatu zituzten”.
Horregatik, berriro ere aldarrikatu dute pentsioen “erosteko ahalmena bermatu” egin behar dela eta pentsioak handitu KPI errealaren arabera.