Atzo, domeka, 09:00etan Plaza Berrian elkartu eta unamunotarren lursailerako bidea hartu zuten pare bat dozena lagun inguruk. Inazibarrera ailegatu eta han egin beharreko landaketen gaineko azalpenak eman zizkien Iker Aldazabal alkateak.
Ondoren, Baso Biziak elkartekoek partaideen artean eskularruak, erremintak eta zuhaitzak partitu eta 11:00ak ingurura arte, zuhaitzak landatzen ibili ziren helduak zein umeak.
Bezperako egunetako eguraldi petralak errespetatu egin zuen atzokoa, eta, horrekin eta egindako beharrarekin pozik, lana amaitutakoan, salda beroarekin eta txorizo pintxo eder askoekin borobildu zuten goiza, ibai bazterreko Inazibar aisialdi gune berrian.