Abalak lortzeko kanpaina

Garau, bertako edari begetala ekoitzi nahi duen kooperatiba

Egoitz Unamuno 2022ko api. 1a, 18:15
Axlor Elorza eta Unai Larreategi Bergarako Larramendi industrialdean, kooperatibaren ekoizpengunea ezarriko duten pabiloiaren parean. Argazkia: Garau Koop.

Edari begetala, "bertakoa eta ekologikoa", horixe da Axlor Elortzak eta Unai Larreategik eratu duten Garau kooperatibak ekoitziko duena. Merkatu azterketa burututa eta erakundeen babesa lortuta, finantzaketa da ekoizten hasteko lotu beharreko azken katebegia. Finantzaketaren zati bat partaidetza sozialaren bidez lortu nahi dute eta helburu horrekintxe abiatu dute gaur Garau bat, bertakoa garatzeko  kanpaina (garaua = alea), kooperatibak martxan jartzeko behar dituen abalak lortu asmoz.

Duela bi urte sortu zen proiektua garatzeko ideia: "Ikusi genuen sektore honetan badagoela behar bat bertan ekoizteko, edari mota hauek kanpotik datozelako, Italiatik ez bada, Alemaniatik... Hala, erabaki genuen aztertzea ea bideragarria den produktu horiek hemen ekoiztea". Lehenik Debegesara jo zuten eta ondoren, Leartiker ikerketa zentroarekin batera aztertu dute produktua bideragarria den: “Probak egin ditugu hemengo zerealekin eta ikusi dugu baietz, gai garela produktu on bat garatzeko merkatuko prezioetan”. 

Proiektuaren lehen fasean, aurreikusi dute bi edari ekoiztea, bata arrozarekin egindakoa eta bestea oloarekin egindakoa, "horiek direlako gehien kontsumitzen direnak". Biak ala biak, arroza zein oloa, ekologikoak izango dira; Alcaravanetik (Nafarroa) ekarriko dituzte. Horrekin batera, Garauren edariek pasteurizazio arinagoa izango dute ultrapozesatuak diren produktu konbentzionalen aldean, modu horretan "propietateak hobeto mantentzen dituelako". Izan ere, Elortzak eta Larreategik oso garbi dute “kalitatezko produktua” ekoitzi nahi dutela, “bertakoa eta ekologikoa”, ekoizpen eta merkatu eredu “sozialagoa” bultzatzeko.

Kooperatibaren ekoizpen gunea berriz, Bergaran kokatuko da, 400 m2ko pabiloian, Larramendi industrialdean. “Ahalegindu gara Soraluzen baldintza egokiak dituen lokala bilatzen baina ez dugu topatu. Bergarakoa izan da gertuen topatu duguna Spriluren bitartez”. 

Partaidetza soziala abalen bitartez

Finantzazioari dagokionez, euren poltsikotik ipini beharreko diruarekin batera, dagoeneko ziurtatua dute Eusko Jaurlaritzaren babesa, Lehiatu Berria programak diru-laguntza esleitu baitie (inbertsioaren %25a). Gainerakoa, mailegu bidez lortuko dute hainbat erakunderen bitartez; tartean, KOOP57 erakundearen bitartez 100.000 euroko mailegua lortzeko bidea jorratu nahi dute, kopuru hori partaidetza sozialeko abalen bitartez ziurtatzea da mailegua lortzeko lehen pausoa. Hain zuzen, abal horiek lortzeko helburuz eta sektoreko eragileen zein kooperatiba edo kontsumo-taldeen bazkidetza lortu asmoz abiatuko dute kanpaina, lagundu nahi duten herritarrei aukera emanez proiektura batzeko 500, 1.000 edo 2.000 euroko abalak sinatuta. 

"KOOP57k ekonomia sozial eraldatzailearen eredua lantzen duten beste hainbat proiektu finantzatu ditu, esaterako, une honetan Goiener energia kooperatibaren azken finantzaketa kanpainarekin dihardute. Garauk baliatuko duen abal sozialen sistema crowfounding-aren antzekoa da baina zuzenean dirua ipini ordez, abalak sinatuz bideratuko da. Horrela, abala sinatzen duenak ziurtatzen du noizbait kooperatibak porrot egingo balu, balizko zorra ordaintzen lagunduko dukeela berak aukeratu duen zenbateko horrekin. Dena den, ondo bidean, abala automatikoki baliogabetuko da enpresak mailegua ordaindu ahala".

Izen-ematea

Proiektuari lagundu nahi dioten herritarrek ondorengo loturan eman dezakete izena eta ondoren sustatzaileak zuzenean jarriko dira harremanetan eurekin, abala sinatu ahal izateko: https://garau.eus/abal-kanpaina.