Ingurumenarekin lotutako heziketa saioa, Mankomunitatearen eskutik

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 30a, 10:05

Hainbat ikaslek garbigunera egindako bisita batean. Argazkia: Mankomunitatea.

Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren harira, Debabarreneko mankomunitateak ingurumenarekin lotutako heziketa saioa antolatu du. Ekainaren 5ean da egun hori eta Mankomunitatearen helburua da egun horretako heziketa saioarekin birziklapen ohitura egokiak sustatzea belaunaldi berrien artean. Eskualdeko ikastetxeei zuzendutako ekimena da.

Helarazitako xehetasunen arabera, asmoa da ordubeteko saioa egitea eta bertan Mankomunitateko Ingurumen teknikariak hainbat gai azalduko dizkie ikasleei: hondakinen sailkapena zelan egin birziklapenaren bitartez, hondakin kopuru handia sortzeak dakartzan ondorioak, munduan ingurumenarekin lotuta dauden arazoak, hondakinen kudeaketan dauden erronkak, eskualdeko herrietan sortutako hondakinen sailkapena eta haiei ematen zaien tratamendua eta hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta gaika batzeko gomendioak.

Heziketa saioan parte hartu nahi duten ikastetxeek honako helbide honen bitartez jar daitezke harremanetan Mankomunitatearekin: ingurumena@debabarrena.eus