Inazibar aisialdi gune berria ia gertu

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 29a, 10:41

Soraluzeko Udala bukatzen ari da bidegorrian dagoen Inazibar lursaila egokitu eta aisialdi-gune bilakatzeko lanak. Oraingoz, sei pic-nic mahai eta bost jarleku ipini ditu. Ondorengo asteetan, berriz, tirolina ipiniko du bertan, bizikletak aparkatzeko gailua eta sarbiderako arrapala egokitu egingo du.

Iazko azaroan desokupatu zuten Inazibar aisialdi gunea eta segidan, bertan zeuden trasteak atera eta gunea garbitu egin zuten.

Tirolina

Azken asteotan, berriz, esparru hura aisialdi gune moduan erabili ahal izateko bestelako lan batzuk egiten ari dira. Esaterako, sei pic-nic mahai eta bost jarleku dagoeneko ipini dituzte. Eta datozen asteotan tirolina ere ipiniko dute bertan. 24 metro luze izango da berau, 18 metro erabilgarri izango ditu eta 6tik 14 urtera bitarteko umeek jolas dezaten izango da.

Horrez aparte, gunean bizikletak aparkatzeko gailua ipiniko dute eta zelaira jaisteko arrapala txukundu egingo dute.

Estreinaldia Zuhaitz Egunean

Bukatu barik egon arren, domekarako aisialdi-gunea erabilgarri izango da, bertan partituko baitiete hamarretakoa Zuhaitz Egunean arbolak landatzera joango diren herritarrei.