22. Korrika 'Hitzekin'

Kantua, bertsoa eta rapa Korrika Kulturalaren egitarauan

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 27a, 09:02
Agin Laburuk eta Eli Pagolak kantatuko dute apirilaren 1eko Bertso Tripafestan.

Apirilaren 1ean helduko da Korrika herrira eta Korrika Batzordean parte hartu duten eragileek hainbat kultur ekimen antolatu dituzte herria girotzeko, besteak beste: kantu jira, hankaluzeen kalejira, bertso afaria eta rap kontzertua.

Apirilaren 1a, barikua, izango da Korrika Kulturalaren egun handia. Aurreikusita dagoenaren arabera, goizean, 10:55ak aldera heduko da Korrika Maltzagako bidegurutzera eta ondoren, herriko 23 entitatetako ordezkarik eroango dute eskuz esku herria erdi erditik zeharkatuko duen lasterketaren testigua. Ostean, 12:30ak aldera, ekitaldia egingo da Plaza Berrian eta bertan, euskaltegiko hainbat ikasleek hartuko dute hitza, Musika Eskolako ikasleek eta Plazentzia Kantuan taldeko kideek musikaz eta kantuz lagunduta. Gero, Plazentzia Kantuanek kantu jiran jarraituko du.   

Arratsaldean, kalea girotzeko ekitaldiak izango dira nagusi. 17:00etan, Korrika Txikia abiatuko da Ludoteka eta Gaztelekutik eta ordu berean Pilota eskolako partiduak hasiko dira udal pilotalekuan; 18:00etan, Goloka konpainiako zangoluzeek Piratak izeneko kalejira musikatua egingo dute kalean barrena eta; 19:00etan, gaztetxoek aspalditik irrikaz espero dituzten buruhandiak aterako dira zistuan Kontzejupetik. Amaiatzeko, gaueko 21:00etan, Bertso Tripafesta beganoa egingo da Gaztetxean, Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariekin (izen-ematea Iratxon).

Duplaren kontzertua

Apirilaren 8an, berriz, azkenaldian bogan dagoen Dupla rap taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Zaharreko karpan. Gari Uriarte eta Beñat Oribe aguraindarrek Regetoitik Rockera eta Euskal Folkloretik Elektronikara, dantzatzeko zein ikuskizun moduan disfrutatzeko espektakulua eskainiko dute, Korrika Kulturalerako prestatu duen formatu berezia baliatuta. Duplak iaz aurkeztu zuen bere azken lana: Nahieran, zeinak musikari ezagunen kolaborazioak jaso dituen: Evaristo, Tapia eta Leturia, Kaotiko, Juantxo (Glaukoma), Sara Zozaya, Skakeitan, Panxo (Zoo) edo Xsaka. Eromerian kantuak dihardu izaten disko horretako kantarik entzunenetakoa.