0 KM KOMERTZIOAK

"Bion artean, zerbitzu osoa eta irisgarria emango dugu"

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 26a, 09:01

Nerea Gabilondo eta Marisa Santome Negabi ile-apaindegian.

Martxoaren 29tik, Marisa Santome eta Nerea Gabilondo elkarrekin hasiko dira ile-apaintzaile zerbitzua eskaintzen. Santa Ana kaleko Negabi ile-apaindegian jardungo dute.

Zelatan elkartu zarete?
Ni (Marisa) aspaldi elkartu nintzen Nerearekin, ile-apaindegietako BEZaren jaitsiera eskatzeko mobilizazioen harira. Ni, berriz, (Nerea) bere ile-apindegira joaten naiz ilea moztera, adibidez. Baina han eskailerak ditu eta bestalde, nire umea jaio zenetik zerbitzua bakarrik arratsaldez eskaintzen dudanez, bata dela eta bestea dela, berbetan hasi eta pentsatu genuen biak Negabin elkartzea. Hartara, bion artean, zerbitzu osoa eta irisgarria eskainiko dugu.
Deigarria da elkarren lehiakide izanda ere, elkartzea.
Asko konpartitzen dugu ile-apaintzaileok. Ni (Marisa) elkarteko kide naiz eta aberasgarria da ideiak-eta partekatzea. Lanean hasi nintzenean, Soraluzen urtean behin elkartu eta gure gauzak konpartitzen genituen.
Nik ere (Nerea) lagunak ditut nirekin ikasi eta ile-apaindegia ipini dutenak. Ikastaroak egiten ditugu eta elkar ezagutzen dugu guztiok ere.
Zelako zerbitzua eskainiko duzue?
09:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 19:00etara. Zapatuetan, 09:00etatik 13:00ak arte. Abuztuan ere eskainiko dugu zerbitzua egun batzuetan, goizez. Ile-apaintzaile zerbitzuaz aparte, bestelakoak ere baditugu: makillajea, ezkontzak, Lehen Jaunartzeak, bekainak, bibotea…
Zeini zuzenduta dago Negabi?
Da unisex eta adin guztietakoei eskainitako zerbitzua.
Ilea batu ere egiten duzue, ezta?
Bai. Mechones solidarios ekimeneko partaide gara. Nahi duenak moztutako koleta ekar dezake, Malagara bidaltzen da eta han ile-ordeak egiten dituzte, minbizia dutenendako. Bestalde, Soraluze, Mugituz! ekimenaren lasterketak babesten ditugu, baina orain ez dago lasterketarik.
Biek duzue eskarmentu handia ile-apaintzaile modura, ala?
Negabin hamar urte eta lehenago beste bost egin nituen, kanpoan. Nik, berriz, (Marisa) 36 urte daramatzat Soraluzen eta beste zazpi egin nituen Eibarren.
Besterik nahi baduzue gaineratu…

BEZarena lotsagarria dela. %8tik %21era igo ziguten. Igoera guk asumitu dugu. Ia ez ditugu prezioak igo. Baina ez da logikoa, adibidez, jatetxe baten jatearengatik %10eko BEZa ordaintzea eta ile-apaintzaile zerbitzuarengatik %21.