Soraluzeko saltokiak ondo hornituta

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 23a, 09:18

Kooperatibako langileak ailegatu berri diren produktuak apaletan ipintzen.

Gaur, eguaztena, garraiolariek hamargarren greba eguna beteko dute. Grebaren eraginaren gaineko kezka areagotzen ari den arren, momentuz behintzat, Soraluzen ez da produktuen hornikuntza faltarik. “Gaur bertan etorri da banatzaile bat eta apalak bete-beteta ditugu”, esan dute, adibidez, Soraluze Kooperatiban.

Gaur goizean bertan banatzaileak ekarritako produktuak apaletan ipintzen buru-belarri ari dira Kooperatiban. Aditzera eman dutenez, bete-beteta dituzte apalak eta ez dute hornikuntza faltarik aurreikusten, oraingoz.

Arrandegiari dagokionez, aurreko astean antxoak zituzten faltan; aste honetan horiek ere badira mostradorean, bertakoen faltan, urrunagotik ekarritakoak.

Azkenik, besteak beste, harategian ere denetik dute. Iñaki Iñarraren mostradorea eder eta oparo ikus daiteke. Hark esandakoaren arabera, datorren astetik aurrera baliteke grebaren eragina handiagoa izatea, baina oraingoz, herritarrek ez dute kezkatzeko motiborik.