Atzo kamioilariek abiarazi zuten grebaren aurrean, arrantzaleek erabaki zuten ez zirela arrantzara irtengo, ikusita harrapatutako arraina gero ezin izango zutela saltokietara bideratu. Horren ondorioz, gaur, dagoeneko ez dago antxoarik arrandegian eta berdela ere gutxi dago, atzo arratsaldean sartu ziren azken aleak.
Juan Mari arraindunak Mercabilbaotik eta Ondarroatik ekartzen du arraina herrira eta orain salgai duena Mercabilbaotik ekarri ahal izan duena da. Gaurtik aurrera, berriz, egunetik egunera ikusi beharko da zer dagoen eta zer ez.
Ekilore olioa
Bestalde, Ukrainako inbasioaren beste ondorioetako bat da joan den astetik faltan igartzen den ekilore olioaren gabezia. Herriko saltoki handienean, kooperatiban ez dute ekilore olio botilarik eta jakinarazi diete apirilera arte, behintzat, ez dietela ekarriko.
Bigarren saltokirik handienean, berriz, Autoservicio Amparon badute ekilore olioa, apala beteta dutela esan dute, baina bakarrik banatzaileek ekartzen dizkieten markak dituzte eta eskaintzen dioten prezioan ari dira saltzen, ohi baino zertxobait garestiago.