Gaurko elkarretaratzean esan dutenez, enplegu-pentsioen inpultsorako erregulazio-lege proiektuaren helburua da “gaur egungo 2,1 milioi atxikien kopurua handitzea, soldatapekoen eta autonomoen %80raino, negoziazio kolektiboaren bidez”.
Salatu dute ekimen horrek “estatuaren babesa eta sustapena” duela, baina “bankuek eta funts pribatuen kudeatzaileek” kudeatuko dutela. Salatu dute, baita ere, sistema horrek “handitu egingo duela Gizarte Segurantzaren eta Pentsioen Sistema Publikoaren defizita eta errentarik handienei eta oligarkia finantzarioari mesede egingo” dietela, haien negozioa handituz.
Kenkariak enpresei
Gogora ekarri dute sistema hori martxan jartzea “denon artean” ordaindu beharko dugula “hasierako ekarpen publikoekin, zerga-arintzeekin eta, are larriagoa dena, enpresentzako deskontuekin. Datua ere eman dute: “Escrivá planak Gizarte Segurantzaren kuota urtean 400 euro murrizten die enpresei enplegu-plan bati atxikitako langile bakoitzeko” eta bestelako kenkari batzuk ere aurreikusten dituzte, enpresen mesedetan.
Helburua argi dago, pentsioen sistema publikoa asistentzia-mailara murriztea eta negozio pribatua handitzea.
Bukatzeko, azpimarratu dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ez duela onartzen pentsioen planak eta fondo pribatuak, banakakoak zein enplegukoak izan eta pentsioen sistema publikoa indartzearen alde daudela.