Soraluzeko hondakinen gaikako bilketa legeak ezarritakoaren azpitik dago

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 14a, 10:53

Gaikako bilketa sustatzeko helburuarekin, Mankomunitateak eskualdeko datuen inguruko
datuak gizarteratu nahi ditu, Horregatik, 2021eko gaikako bilketaren inguruko datuak grafikoki
jasotzen dituen txostena osatu eta herritarren eskura jarri ditu. 2013tik 2021era arteko garapena erakusten dute datuek. Horien arabera, Soraluzen da gaika gutxien batzen duen udalerrietako bat.

Herritarrek eskualdeko birziklapen ohituren bilakaeraren berri modu ulerterrazean izan dezaten eta aldi berean, birziklapen ohitura egokien kontzientzia areagotzeko asmoz sortu eta argitaratu du Mankomunitateak gaikako bilketaren inguruko txosten grafikoa.

Datuotan ikus daiteke, adibidez, Debabarrenean, Soraluze eta Ermua direla gaika gutxien batzen duten udalerriak eta Mutriku dela, aldiz, gehien batzen duena. Oro har, Debak, Eibarrek, Mutrikuk eta Mallabiak Mankomunitatearen urteko batez besteko bilketa tasa gainditu egiten dute. Besteak, berriz, azpitik geratu dira.

Erdia pasa gaika

Ikus daiteke, baita ere, materialaren arabera, hondakinen bilketan, %30,84 izan zela materia organikoa, %23,83 papera eta kartoia, %13,76 beira, %9,19 ontzi arinak eta %22,53 bestelakoak (pilak, ehun-gaiak, olioa, gailu elektrikoak, egurra eta tamaina handiko hondakina).

Eta guztira, biztanle bakoitzeko, 432 kilo hondakin batu direla eta horietatik 224 kilo batu direla gaika. 

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “hilabetero eskegitzen ditugu eskualdeko gaikako bilketaren inguruko datuak webgunean, edonork kontsultatu ahal izateko. Dena den, datu asko direnez, batzuetan zaila izan daiteke interpretatzea edo datu zehatzak aurkitzea. Horregatik, gardentasunaren aldeko ariketan (…) herritarren eskura jarri da 2021 urteko gaikako bilketaren balantzea jasotzen duen txostena, modu grafikoan eta
errazean herritarrek informazio osoa izan dezaten: azken urteetan gaikako bilketak izandako bilakaera, zatiki bakoitzaren egoera, herriz herriko gaikako bilketaren bilakaera, e.a."

Txostena kontsulta daiteke HEMEN KLIKATUTA.