22. Korrika 'Hitzekin'

Euskarazko film laburren Laburbira zirkuitua eguenean Gaztetxean

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 14a, 11:34

Laburbira, euskarazko film laburren zirkuituaren 19. edizioa eguenean helduko da Soraluzera eta arratsaldeko 19:00etan hasita, 9 film labur proiektatuko dituzte Gaztetxean. Emanaldia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak antolatu du. 

Aurtengo Laburbirak bederatzi film labur dakartza, askotarikoak edukiz zein estiloz, eta guztiak ere 2021ean ekoitziak. Guztien artean, 80 minutuko bilduma "entretenigarri eta interesgarria" osatzen dute, "gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta". 

Ondorengoak dira proiektatuko diren filmak: ‘Serendipia’ (Iban del Campo), ‘Itsasoaren mugimendua’ (Alba Romera/Rony Levoz), ‘Lanbroa’ (Paula Iglesias), ‘Falta zaizuna’ (Jose Luis Lopez), ‘Hurrengo geltokia’ (Naia Aizpurua), ‘Rewing’ (Amaia San Sebastian), ‘Turnoka’ (Aitor Alberdi), ‘Subandilla’ (Josu Martinez) eta ‘Itsaso’ (Sergio Martinez Villar).

Otsailaren 25etik martxoaren 27ra Laburbira herriz-herri ibiliko da euskarazko zinegintzak 2021ean eman duen uzta zabalduz. Aurten, guztira, 30 herritan proiektatuko da bilduma.