Zapatuan, Kukubiku CD liburua aurkeztuko dute, Tolosan

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 9a, 09:41

Kukubiku proiektuan parte hartu duten Soraluzeko Musika Eskolako hainbat ikasle.

Soraluzeko, Bergarako, Arrasateko, Oñatiko, Hernaniko, Andoiango (bi abesbatza) eta Donostiako musika eskoletako hainbat ikaslek 10 kantuz osatutako CDa grabatu eta zapatuan aurkeztuko dute, Tolosan. Kukubiku izenburua du CD liburuak eta kontzertuan aurkeztuko dute, San Frantzisko elizan. 

10 euskal kantaz osatutako CD liburua da Kukubiku. Ume kantu tradizionalak zein berriak batu ditu. “Euskal kantak dira, ukitu modernoarekin, haur abesbatzendako. Ekimenaren helburua da euskal kantak bultzatzea eta suspertzea haur eta gazteen artean. Kantu batzuk dira berriak eta beste batzuk tradizionalak, baina moldatuta, Arre, arre, mandoko, Txakur gorri, Oibar, Perretxikotan… adibidez ”, kontatu du Nagore Sanzek, Soraluzeko Musika Eskolako abesbatzako zuzendariak.

Soraluzeko Musika Eskolatik, bertako abesbatzako kide izandako 11 ikaslek hartu dute parte grabazioan. “Oraingo abesbatzako umeak gazteegiak dira ekimenean parte hartzeko eta abesbatzako kide izandakoek hartu dute parte”, esplikatu du Sanzek.

Lau kanta elkarrekin

Zapatuan, Kukubiku CDa aurkezteko, kontzertua eskainiko dute, Tolosako San Frantzisko elizan, 20:00etan. Hainbat abesbatzak euren kantuak interpretatuko dituzte eta ondoren, guztiek elkarrekin, Kukubiku CDko lau kanta abestuko dituzte.

Soraluzetarrek gaur, eguaztena, dute azken entsegua. Gogotsu daude Tolosako ekitaldirako. “Proiektuaren amaiera da, aurkezpena egiteko ilusioarekin daude, guztiak joango dira Kukubikuko kamisetarekin berdin jantzita… gauza berria da eta ilusioz doaz. Entsegu estrak egiten ari dira buru-belarri lanean”, esan du Nagore Sanzek. 

Kukubiku proiektua Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak bultzatutakoa da.