Gaur, herriko hainbat saltokiren kanpoko aldeak more koloreko apaingarriekin dotoretuta daude, globoekin, kartelekin, idatziekin, lore moreekin…
Kalean ere ipini dituzte gaurko eguna aldarrikatzen dituzten pankartak, adibidez, Plaza Berrian eta udaletxearen balkoian. Eta herritar bat baino gehiago irten da kalera morez jantzita edo more koloreko arroparen batekin zein besterekin, adibidez, anbulatorioko langileak.
Olatu morea iluntzean
Dena den, olatu moreak iluntzean hartuko ditu Soraluzeko kaleak. M8 Plataformak 18:30ean egin du manifestaziorako hitzordua. Zaratatsua izango da eta morez jantzita joateko deia egin dute. Leloa, berriz, honakoa: Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra. Manifestazioaren amaieran ekitaldia izango da, Plaza Berrian.
Aurtengo protestarekin, gaur egungo sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista" bukatzea eskatuko dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez.
"Sistema honi su eman nahi diogu, den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko", diote mugimendutik.
Zaintza lanak birbanatu
Aurten, zaintza jarri du erdigunean Euskal Herriko Bilgune Feministak: "Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu, zaintza eredu publiko eta komunitario bat garatu baina arnas luzeko prozesu horretan, alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitu behar du Euskal Herriko Mugimendu Feministak".
Adierazpen instituzionala
Bestalde, Soraluzeko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, besteak beste, honako konpromisoak hartuz:
- Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
- Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plan bat pixkanaka planifikatuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
- Herritarren sentsibilizazioan sakontzea eta komunikazio-kanpainak egitea zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzeko, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileen moduko errealitateak ikusaraziz.
- Berdintasunerako eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta mugimendu feministaren ekarpenak txertatuz.
- Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.
Udalaren adierazpen instituzional osoa HEMEN KLIKATUTA irakurgai.