Pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean gogora ekarri dute gaur egun emakumeek dituzten eskubideak eskuratzeko luze borrokatu behar izan dela.
Adibidez, honako egoerak gogora ekarri dituzte:
- 1- Frankismoan emakumeek aitaren edo senarraren baimena behar zuten bakarrik bidaiatzeko edo bankuan kontu bat zabaltzeko.
- 2- Lotsagabeak ginen ezkondu aurretik edo ezkontzatik kanpo harremanak izateagatik.
- 3- Ezin ziren dibortziatu, ezkontideak tratu txarrak eman arren.
- 4- Jaiotzeen kontrola ez zegoen emakumeen esku.
Azpimarratu dute “kaleko eta auzitegietako gure borrokei esker, gure bizitzaren kontrola izateko eskubidea babesten duten legeak lortu ahal” izan dituztela, “inoren babes beharrik gabe”.
Pentsioak eta zerbitzu publikoak
Ildo beretik, adierazi dute orain “pentsio duin eta bizitzeko bestekoak eskatzen” ari direla eta “duintasunez bizitzea ahalbidetuko” duten bizi-baldintzak. “Zerbitzu publiko onak, etxez etxeko arretarako edo egoitzetarako. Osasun publikoa…”. Baina diote hori guztia ez dutela oparituko eta pentsiodunen mugimenduak horregatik daramatzala lau urte borrokan.
Berretsi dute borrokan segituko dutela, besteak beste, honako aldarrikapenak lortzeko:
- 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
- Pentsioetan genero-arrakala ezabatzea.
- Alarguntza-pentsioaren %100 jasotzea.
- Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pentsio txikienak 1.080 euroraino osatzea.
- Kalitatezko zerbitzu soziosanitario publikoak lortu arte.