Landaola Gipuzkoako sei landa garapen elkarteek osatzen duten federazioa da eta urtero lau sari banatzen dituzte: Erakunde Pribatuari saria, Erakunde Publikoari saria, Emakumeak Landa Eremuan saria eta Urteetako Ibilbideari saria, Gipuzkoan lan eremuarekin lotuta garatu diren proiektuei egindako lana aitortzeko. Aurten Emakumeak Landa Eremuan saria Nagore Martini eman diote, Egotza gazta egiten duen baserritarrari eta berarekin batera, saria jaso dute Hernaniko Udalak, Baserritik Zuretzat kooperazio proiektuak eta Artzain Eskolak.
Bederatzi urte baserrian
Egotzako gaztagileari dagokionez, honelaxe deskribatu dute haren jarduna eta meritua:
“Kalegunean hasi eta hezi bazen ere, duela 9 urte Txurruka auzoko Egotza baserriko lur malkartsuetan ahuntz alpinoen ustiapena jarri zuen martxan. Soraluzen nekazaritzara dedikazio osoa duen baserritar bakarra da Nagore. Ibilbidea 54 ahuntzekin hasi bazuen ere, dagoeneko 90 inguru ditu. Gipuzkoan dauden lau ahuntzainetako bat da Nagore.
Egotza izenarekin, hiru gazta mota merkaturatzen ditu: pasta prentsatua, gazta freskoa eta ruloa. Guztira, urtean, gutxi-gorabehera 2.500 Kg gazta gutxi gorabehera egiten ditu eta azoketan zein herriko denda txikietan saltzen ditu. Animaliak izugarri gustatzeaz gain, proiektu honi ekiteko motibazio nagusiena seme alabak baserri giroan hazi eta heztea izan zen, lana eta familia kontziliatuaz.
Nagore emakume ekintzailea izan da bere negozioa martxan jartzerakoan, baina horrez gain, haratago joan da eta gainontzeko ahuntzainekin sareak sortzeko iniziatiba izan du. Eskualdeko beste gaztagile batzuekin ere ekintza amankomunak sustatzeko bultzatzaileetako bat izan da eta gaur egun horiek garatzen jarraitzen du.
Sari honekin balorean jarri nahi dugu Nagorek egin duen hautua, Soraluze bezalako herri batean baserritik bizi modua ateratzeko, eta hala nola, baserri munduarekin inolako loturarik izan ez duen emakume bat izanik, hirigunetik baserrira joan eta abeltzaintza eta gaztagintza ogibide bihurtzeko izan duen kemena".