Soraluze-Zarauzko Sofa taldeak disko berria kaleratuko du

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 6a, 09:01

Apirilaren 8an, Krispetak izenburua duen disko berria kaleratuko du Sofa musika taldeak. Taldearen hirugarren lana izango da, baina lehenengoa izango da Eloy Galan soraluzetarra bateria-jole dutela. Binilo formatuan plazaratuko dute zortzi kanta dituen diskoa, Bonberenea proiektuarekin eta Bartzelonako BCore zigiluarekin.  

Rock matematikoa lantzen du Sofa taldeak. "Batez ere, funtsean, amalgama duen musika estiloa da; adibidez, 4x4 baldin bada pop estandarra, saiatzen gara hori apurtzen, konpasen joku moduko bat egiten dugu", esplikatu du taldeko Kepa Izeta taldekideak.

Berritasunekin

Orain kaleratuko duten diska berritasunekin dator.

Batetik, Sofa taldeak hamar urteko ibilbidea egin du, baina orain arte, musika instrumentala landu du. Krispetak diska berrian, berriz, ahotsa ere sartu dute: "Konfinamenduan hasi ginen ahotsa lantzen, kuriositate moduan eta hasi ginen bilatzen ahotsarentzako gustuko tokia gure taldean. Ez zen erraza, baina egin dugu", dio Izetak.

Bestetik, bateria-jole berria estreinatu dute diska berrirako: Eloy Galan soraluzetarra: "Bigarren diskoarekin, bateria-jolea joan egin zen. Bateria bila hasi ginen, Eloy ezagutzen genuen, froga egin zuen eta lan handia egin ondoren, barruan gelditu da".
Orain, beraz, Kepa Izeta, Eloy Galan eta JonBek (Jon Beñat Martinezek) osatzen dute Sofa taldea.

Diska berria apirilaren 8an kaleratuko dute, baina apirilaren 1ean bertan hasiko dira berau aurkezten, Tolosaldean. Baina asmoa dute Soraluzen ere egiteko kontzerturen bat.

Honako hauxe da Krispetak diskako aurkezpen kantua: AlegrergelA (hemen klikatuta entzungai).