'eRRe. Aldarri bat bertsoz' emanaldia gaur antzokian

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 4a, 15:56

Ikuskizuneko taldekideak. Argazkia: Naiz.eus Jaizki Fontaneda / Foku.

Gaur arratsaldean, 20:30ean hasita, eRRe: aldarri bat bertsoz ikuskizuna ikusi ahal izango da antzokian, Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Peritz Euzkitze eta Oihana Arana bertsolari gazteen eskutik. 'eRRe'-k "mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren" dualismoez hausnartzea eta hauek haustea proposatzen du, bertsolaritza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen dituen ordubeteko emanaldian. 

"Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean", planteatzen dute egile gazteek.

Gaurko emanaldia Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatu du, Martxoaren 8ko egitarauaren barruan. Sarrera debaldekoa izango da.