Todo a 100 dendako lapurretari dagokionez, bertako kamerek grabatutakoaren arabera, goizaldeko 01:37an sartu ziren barrura, atea guztiz errebentatu ondoren. Hiruzpalau gizonezko ziren, kaputxadunak. Xehetasunen arabera, kutxan zituzten kanbioak eta dendako hainbat produktu lapurtu zituzten. Salaketa ipini du Ertzaintzarenean.
Aste honetako lapurreta ahaleginei dagokienez, berriz, herenegun gauean hiru lekutan ibili direla kontatu du Udaltzaingoak.
Txistun, Fogaslerren eta Beniton, berriro
Batetik, bizilagun batek Udaltzaingora abisatu zuen esanez Benito altzari dendaren biltegiaren inguruan bi ezezagun zebiltzala. Berehala joan ziren hara udaltzainak eta polizia ikustean, furgoneta batean sartu eta ihesean hasi ziren bi gizonezkoak. Udaltzainak, berriz, atzetik joan zitzaizkien eta Elgoibarrera joan zirela ikusi zuten. Orduan, hemengo udaltzainek Elgoibarkoei abisatu zieten. Haiek furgoneta gerarazi egin zuten. Barruan, bi gizonezko zeuden eta bietako batek atxilotze-agindua zuenez, atxilotuta eraman zuten.
Bestetik, beste bizilagun batek Sagar Errekako bi lekutan atzeman zituen lapurreta ahaleginean zebiltzala. Txistu garaje inguruan lau gizonezko atzeman zituen furgoneta batekin eta Fogaslerren aurrean, berriz, beste hiru, beste ibilgailu batekin. Bizilaguna oihuka hasi zen, eta, orduan, ospa egin zuten guztiek.
Egoeraren aurrean, Udaltzaingoak esan du edozein zarata entzunez gero edo edozein mugimendu susmagarri ikusiz gero, berehala abisatzeko poliziari, nahiz eta pentsatu tontakeria hutsa izan daitekeela.