"Zuhaitz genealogikoa osatzeak eta argazkiak batzeak lagundu dit gurasoek lagatako hutsunea betetzen"

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 2a, 14:06

Maria Pilar Etxeberria Irusta (Soraluze, 1960) beti izan da argazkizalea baina azken urteotan buru-belarri ekin dio familiako argazkiak batu eta antolatzeari eta zuhaitz genealogikoa ere osatu du: “2019an hil zen ama eta hutsune handia sentitu nuen. Orduan ekin nion baserrian (Arizagan) genituen argazki zaharrak arakatzeari eta zuhaitza osatzeari. Horrek lagundu dit gurasoek lagatako hutsunea betetzen eta dolua eroaten. Gero Covida etorri zen eta zeregina ondo etorri zait”.

Interneten kontsultagai dagoen Dokuklik bilatzailean, Francisco Arizaga, bere birraitonaren izena sartuta abiatu zuen Mariapilarrek familiako zuhaitz genealogikoa osatzeko prozesua. Izan ere, bertan jasota daude 1500etik 1900 arte Gipuzkoan erregistratu diren ezkontza, bataio eta heriotza guztiak. “Lanik zailena da bilatzailean izenak modu egokian bilatzea ze notario bakoitzak bere modura idazten zuen, batek y-rekin, besteak i-rekin etab.”. 

Tartean, familiako “bitxikeria” zenbait ere topatu ditu: “konturatu nintzen ezkondutako senar emazteek abizen berdina zutela eta gero jakin dugu ezkondu zirenak lehengusuak zirela eta ezkondu ahal izateko kapitulazio baimena delakoa eskatu behar izan zutela Erromara”. 

Kontuak kontu, hilabetetako lanaren ostean, lortu du atzera egitea seigarren belaunaldira arte, 1709an Bizkaiko Berriatua herrian egin zen ezkontza batera arte. Zuhaitza 2019ko abenduan amaitu zuen eta urtte hartako Gabonetan ale bana erregalatu zien familikideei.   

Milaka argazki

Mariapiren beste afizioa argazkiak batzea da eta dagoeneko “milaka” ditu batuta eta sailkatuta. Familiako argazkietan ezkontzak, jaunartzeak, ospakizunak eta jatorduak dira gehien ageri direnak baina familiakoez gain baditu San Andres eta Ezozi auzoetakoak, herrikoak, Kooperatibakoak eta beste hainbat ere. Zaharrena, 1921ekoa. “Beti gustatu izan zaizkit argazkiak, lagundu egiten digutelako iraganari irudi bat jartzen. Ikusten da jazteko modu bat, bizimodua eta horrek sentimenduak eragiten ditu”. 

Arizagakoen kasuan, gainera, argazki asko dituzte, batez ere, 60ko hamarkadatik aurrerakoak. “Gerra osteko urteetan, Pepe Cortijo argazkilaria sarri etortzen zen baserrira argazkiak ateratzera eta familiako lagun ere egin zen. Bestetik, Tio Santik ere bazituen argazki kamera eta Super 8-an pelikulak grabatzeko filmagailua eta horri esker, garai hartako argazki eta bideo ugari dauzkagu”. Horiek digitalizatzen eta antolatzen dihardu Mariapik, intentzio argiarekin: “Denbora asko eskatzen du baina pentsatzen dut guretzako eta ondorengoentzako polita dela horiek jasota izatea”. 

Azkenik, gogoeta hau gehitu nahi izan du: "Gurasoek ez zidaten nik nahi nuen guztia eman baina bai ahal izan zuten guztia! Eta horrenbesterekin nahikoa!". 

Oharra: Artikulu honen agazki bilduman ageri diren argazki zaharrak ondorengoak dira: (1925) Senideak Abadiñon, San Blasetan, (1943) Etxeberria Arizaga familia, (1943) Nieves, Santi eta Isabel, (1958) Baserrietako mutilak Gilako jangelan.