Antzerkia, zinema, manifestazioa eta beste, M8aren bueltan

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 1a, 12:51

Iazko manifestazioa, Kalebarrenetik pasatzen.

Barikuan hasiko dira M8aren harira antolatutako ekitaldiak eta martxoaren 25ean bukatuko dira. Tartean, M8an bertan, manifestazio zaratatsua izango da, 18:30ean Plaza Berritik abiatuta. Amaieran ekitaldia egingo dute. Soraluzeko Udalak ere egin du bertan parte hartzeko deia.

Martxoaren 4an izango da M8aren bueltan antolatutako lehen hitzordua, 20:30ean antzokian; helduentzako bertso-antzerki saioa izango da. ErrE-Aldarri bat bertsoz izenburua du. Sinopsiak, berriz, honela laburbiltzen du ikuskizuna: Zer da burua gorputzik gabe? Heriotzarik gabeko bizitza? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumeak gizonik ez badago? Denak binaka, bata bestearen definizioa. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. 

Gonbidapenak doan eskura daitezke, Iratxo goxo-dendan.

Martxoaren 8an, Scape Rooma eta manifestazioa

Hurrengo hitzorduak, berriz, Martxoaren 8an izango dira, 11:30etik 13:30era. Batetik, Institutuan Berdintasunerako bidea izena duen Scape Rooma egingo dute.

Bestetik, kalean, manifestazio zaratatsua egingo dute, 18:30ean Plaza Berritik abiatuta. M8 Plataformak antolatu du protesta, baina Udalak ere dei egin du bertan parte hartzeko. Deitzaileek eskatu dute zaratak egiteko gailuak eramateko. 

Antzerkia, filma eta beste

Aste berean, segituz, martxoaren 10ean, umeei zuzendutako antzerkia izango da, 15:00etan antzokian; Piztu! EmakumeOn Energia antzezlana taularatuko du Eidabe konpainiak. 

Bestalde, zapatuan, martxoaren 12an, 10:30etik 14:30era Tolarekuan zoru pelbikoaren tailerra eskainiko du Juncal Altzugaraik. Doan da, baina martxoaren 10a aurretik eman behar da izena udaletxean. 

Eta domekan, Céline Sciammaren Petit Mamam filma proiektatuko dute, amatasunari buruzko fabula. 19:00etan hasiko da, Herriko Antzokian. 

Azkenik, martxoaren 24an eta 25ean, 09:30etik 12:30era, ahalduntzeko taldeko emakumeei zuzendutako autodefentsa feminista tailerra izango da, gaztelekuan.