Itxaropenaren batzar nagusia, gaur

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 25a, 10:24

Itxaropenako zuzendaritzako hainbat kide, abenduan.

Gaur, barikua, Itxaropena elkarteak urteko batzar orokorra egingo du, Herriko Antzokian. Mahai gainean, aztergai izango dituzte kontu ekonomikoak, izen aldaketa eta zuzendaritza batzordea berritzea. 17:30ean hasiko da batzarra

Gaurko batzarrean, urteko memoria egin ostean, iazko balantze ekonomikoa eta aurtengo aurrekontua proposatu eta bozkatuko dituzte Itxaropena elkarteko bazkideek.

Horren ondoren, izen aldaketaren gaia mahai gainean izango dute. Izan ere, iaz asmoa zuten izena aldatzeko baina Euskadiko Pentsiodunen Federazioak proposamen bateratua egin nahi die erkidegoko elkarteei eta hura jasotzeko zain, erabaki dute oraingoz Itxaropena izenarekin segitzea eta ez egitea aldaketarik.

Zuzendaritzarako kide berriak

Azkenik, gaurko batzarrean elkarteko zuzendaritza batzordea berritzea proposatuko dute. Izan ere, batzordetik irteteko garaia iritsi zaie Mari Cruz Arizagari (bokala), Juan Ordaxi (bokala) eta Nikolas Morillori (bokala). Bi urterako karguak dira. 

Haien lekuan, beste lau bazkide aukeratu beharko dituzte gaur bozketa bitartez, izan ere, iaz zuzendaritzako kide batek laga egin zuen kargua arrazoi pertsonalengatik. 

Zuzendaritzatik karguan segituko dutenak, berriz, izango dira Mertxe Galarraga, Gonzalo Portu, Lina Olaiozola, Koldo Ugarte eta Begoña Etxaniz. Horiendako azken urtea izango da. 

Batzarra 17:30ean hasiko da eta gehienez jota, 100 pertsonarentzako lekua izango da.