Muzak taldeko Joanes Iñurrieta soraluzetarrak esplikatu duenez, martxoaren 5ean eta 6an grabatuko dute bideoklipa, baina figuranteak bakarrik grabazioko lehen egunerako behar dituzte.
Martxoaren 5ean, 08:00etatik 14:00ak bitartean dute grabatzeko baimena, Mutrikun, abandonatutako komentuan eta estrak, berriz, 09:30etik aurrera bertaratu beharko dira. Martxoaren 6an, berriz, bakarrik musika taldekoek parte hartuko dute grabazioan.
Kamiseta zuria eta bakeroak
Bideoklipean parte hartzeko ez da ezaugarri berezirik bete behar. Eskatzen duten bakarra da grabaziorako puntual azaltzea eta honako jantziak eramatea: mauka motzeko kamiseta zuria inolako marrazki edo estanpaturik ez duena eta galtza bakero luzeak. Dena den, norbaitek jantzi horiek ez baditu, lortzen lagunduko diote.
Gainera, azpimarratu dute jende asko ageri diren eszenak grabatuko dituztela, ez dela egongo pertsonen lehen planorik eta halakorik. Adibide modura, Jamie xx artistaren Gosh kantuaren bideoklipa jarri dute.
Soraluze-Elgoibar-Mutriku
Muzak hirukotean, Joanes Iñurrieta soraluzetarrak jartzen du ahotsa eta gitarra, Ruben Irigoyen elgoibartarra da bateria-jolea eta Aitor Sagarmendi mutrikuarra, berriz, baxua. Taldeak grabatuko duen lehen bideoklipa izango da. “Jende askok erabiltzen du musika entzuteko youtube moduko kanalak eta horregatik da garrantzitsua bideoklipa grabatzea”, esplikatu du Iñurrietak. Bideokliperako, berriz, CDari izena ematen dion Programaturik kantua aukeratu dute.
Halako lanetan eskarmentu luzea duten bi lagun arduratuko dira bideokliparen grabazioaz. Zuzendari izango da Lander Andonegi mutrikuarra, Laboral Kutxarendako, CAF-Elhuyarrendako, Etxeondorendako… bideoak grabatu izan dituena. Produktore lanetan, berriz, Nerea Taboada dabil.
Figurante moduan parte hartu nahi izanez gero: muzaktaldea@gmail.com.