Gaurko elkarretaratzean salatu dutenez, nahiz eta “emakumeek inoiz baino gehiago” parte hartu lan-merkatuan, “nahiz eta inoiz baino prestatuago egon”, gizonen eta emakumeen artean soldata arrakalak segitu egiten du: EAEn % 23koa da, eta 2015etik 1,7 puntu baino ez da murriztu.
Prekarioan gehien
Gogora ekarri dute emakume askok lanpostu prekarioetan eta soldata baxuekin egiten dutela lan, “ekonomia informalean edo ezkutuko ekonomian” gehien lan egiten dutenak direla eta baita “aldi baterako kontratu gehien” dituztenak ere.
Gaineratu dute “feminizatutako” lanak -garbiketa, adinekoen zaintza…- direla “gutxien baloratzen eta ordaintzen direnak”. Mahai gainean jarri dute, baita ere, “emakumeek beren ibilbide profesionala eten” egiten dutela edo eszedentziak eskatzen dituztela “zaintza-lanetan aritzeko”.
Jakinarazi dute horrek guztiak “zuzenean” eragiten diola kotizazio-denborari, eta, beraz, “murriztu” egin duela kobratzen duten pentsioa. “Pentsio-mota guztiak kontuan hartuta, EAEn emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino % 37 txikiagoa da, gutxi gorabehera”.
Pobreziarako arrisku handiagoa
Horregatik, azpimarratu dute “emakume pentsiodunek gizonek baino arrisku handiagoa” dutela pobrezian egoteko. “Euskal Herrian emakume asko eta asko dira hilabete amaierara iritsi ezin direnak, eta 63.000 alargun 1.080 €-tik behera daude” diote.
Hori dela-eta uste dute ezinbestekoa dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta %100eko alarguntza-pentsioa eta EAEren eta Nafarroaren kasuan, Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak osatu beharko lituzketela pentsioak gutxieneko kopurura ailegatu arte.
Mobilizatu beharra
Bukatzeko, pentsio publiko duinen alde mobilizatzeko dei orokorra egin dute: “Asko dira ditugun aldarrikapenak eta onartu berri den erreformak ez digu horietako bakar bati ere erantzunik eman. Lan-erreforman ere ez zaigu entzuten”. Lehen azaldutako guztiarengatik, emakumeei mobilizatzeko “dei berezia” egin diete.