Otsailaren 27an, goizez, 11:00etatik 13:30era zein arratsaldez, 17:00etatik 19:30era izango da puzgarrietan jolasteko aukera. Atxolin elkarteko bazkideek doan izango dute sarrera; gainontzekoek, berriz, egun osoarengatik 5 euro ordaindu beharko dute eta arratsaldez bakarrik joan nahi izanez gero, berriz, 3 euro.
Puzgarriak kiroldegiko frontoian ipiniko dituzte eta mostra ederra ekarriko dutela jakinarazi dio puzgarrien enpresa Atracciones Sanzek Atxolin Guraso Elkarteari. Halaber, elkartetik adierazi dute oso eskertuta daudela enpresak izan duen jarrerarekin.
Izan ere, Gabonetan, pandemiak baldintzatutako egoera tarteko, puzgarriak bertan behera lagatzea erabaki zuen guraso elkarteak eta kontatu dutenez, enpresak erraztasun guztiak eman dizkiete ekitaldiarekin zer egin erabakitzeko, baita puzgarriak ez kontratatzea ere, nahiz eta enpresa galtzen irten. Gainera, orain, puzgarriak denboraldi baxuan ekarriko dituztenez -Gabonak denboraldi altua da-, jatorrizko kontratuan zehaztutakoak baino gehiago ekarriko dituztela jakinarazi diote guraso elkarteari.