Pentsio duinak eta bizitzeko bestekoak aldarrikatu zituzten

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 15a, 18:23

Atzo, 45 bat herritarrek babestu zuten pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea. Oro har, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa defendatu zuten, uste dutelako horrek bermatzen duela inork ez izatea pobrezia atalasetik beherako pentsiorik. Aldarrikatu zuten Euskadiren kasuan, Eusko Jaurlaritzak osatu beharko lituzkeela pentsioak kopuru horretara iritsi arte. 

Atzoko elkarretaratzean gogora ekarri zuten 2015ean, Rajoyren presidentetzapean, pentsioen urteko errebalorizazioa %0,25era murriztu nahi izan zela, “Konstituzioaren 50. artikulua urratuz”. Baina dekretu hura atzera botatzea lortu zela gizarte-mobilizazioari esker.

Halaber, gogora ekarri zuten Legebiltzarrean “gehiengo handiz onartu zuen 21/21 Legeak, pentsioen urteko errebalorizazioaren erreferentzia gisa, urteko 12 hilabeteetako KPIen batez bestekoa ezartzen duela eta horrek dakarrela pentsioak jaistea eta pentsiodunen erosteko ahalmena murriztea”. 

71.724 sinadura

Ildo beretik, azpimarratu zuten bi milioi eta erdi pertsonak baino gehiagok ez dituztela “650 euroak gainditzen” eta baita ere, 2016ko irailean, “Legegintzako Herri-Ekimenaren (LHE) 71.724 sinadura entregatu ziren Eusko Legebiltzarrean, gutxieneko pentsioa 1.080 €-koa izatea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko eskatzeko, baina ez zela aintzat hartu eskaera. 

Hori horrela, segitzen dute defendatzen gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar dela eta EAEren kasuan, Jaurlaritzak “EAEko gutxieneko pentsioa osatu behar” duela, “araudi espezifikoaren bidez eta banakako izaerarekin, 1.080 eurora arte”.