2020ko urrian kaleratu zuen Argiak Errekondok landareen zaintzaz ondutako liburu mardula. Liburuan, 91 landareri buruzko argibideak eta landare horiek hobeto zaintzeko gakoak biltzen ditu. "Loreak etxeko poza dira. Ongi zaintzen dituenak bizitzaren edertasuna jasotzen du opari", dio agronomo usurbildarrak eta gai horretxen inguruan jardungo du datorren martitzenean Tolarekuan eskainiko duen hitzaldian; "zein landare aukeratu txoko bakoitzerako, landareen gaitz arruntenei nola aurre egin, zenbat ureztatu, nola ongarritu, haziz doan ahala nola birlandatu… maite dugun landare hori nola ugaldu ere ikasiko dugu".
Aurkezpena Soraluzeko Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak antolatu dute, euskarazko irakurzaletasuna sustatzea helburu duen Literatur loreak kultur zikloaren barruan.