Atzo, eguena, LAB eta ELA sindikatuetako hainbat ordezkari eta Gipuzkoako egoitzetako hainbat langilek Batzar Nagusietan egiten ari ziren bilerara sartu, berau eten eta besteak beste, berbetan ari zen Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari exijitu zioten batzarretara azal zedin.
Horren ondoren, datozen egunotarako mobilizazio berriak iragarri zituzten, gaurtik bertatik hasita.
“Gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…” salatuko dituzte mobilizazioen bitartez.
Sindikatuen ustez, egoitzetako gatazka “Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala” ere bada. “Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu”, diote.
Halaber, gogora ekarri dute “zaintza negozio” bihurtu dutela eta “diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten” ari direla “gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz”.
Horrez gainera, besteak beste, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu” dute, “irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako”.
Bestalde, Gipuzkoako egoitzetako langileei elkartasuna adierazteaz bat Gipuzkoan dauden pentsiodunen 17 elkartek, Soraluzekoak tartean, “babes osoa eta atxikimendua” eman diete sindikatuek eta langileek egiten duten eskakizunei.