Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, astelehenetik aurrera bertan behera geldituko da osasun larrialdi egoera. Horrek ekarriko du gaur egun indarrean dagoen dekretuko neurri murriztaileak indargabetzea.
Orain indarrean dauden neurri murriztaileek agintzen dute ostalaritzan eta merkataritza guneetan jarduera guztiak bukatu behar direla 01:00etarako, tokien edukierak ezin duela %60ko muga gainditu eta ostalaritzan, gehienez jota, hamarreko taldeetan elkar daitekeela eta barran ezin dela kontsumitu.
Barruan, maskararekin
Astelehenetik aurrera, neurri horiek guztiak bertan behera geldituko dira. Dena den, zapatuan jakinaraziko dute zehatz-mehatz zelan arinduko dituzten neurriak. Bakarrik segituko dute indarrean Espainiako Gobernuak ezarritakoak, hau da, barruko espazioetan maskara erabiltzeko derrigortasunak eta kirol ekitaldietan edukiera mugak.
Labiren batzorde instituzionalaren ondoren eman du prentsaurrekoa Iñigo Urkullu lehendakariak. Hark adierazi du ezin dutela “ziurtatu” etorkizunean ez denik beharrezko izango berriro ere larrialdi egoera dekretatzea, baina gaineratu du “gaur egun dakigunaren arabera” hartu behar direla erabakiak, “gizartearen egoera zein den kontuan hartuta”.
Ildo horretan, Urkulluk esan du COVIDaren Omicron aldaera “atzeratze fasean” dagoela eta espero dela bide horretan segituko duela, oraingo datuek erakusten duten moduan. Urtarril hasierako datuak eta gaur egungoak konparatu ditu, datuetan eman den beherakada nabarmena erakusteko.
"Erantzukizunak aginduak ordezkatzen ditu"
Oro har, lehendakariak “zuhurtasuna mantentzeko gonbidapena eta susperraldirako deialdia” egin ditu, bere esanetan, egoerak hobera egiteak ez baititu “zalantza guztiak argitzen”, horregatik uste du “adi jarraitu beharra” dagoela. Pandemia egoeran segitzen dugula ere gogorarazi du.
Horregatik, Lehendakariak “oinarrizko prebentzio arauak” kontuan hartzeko eskaera egin du, “orain, erantzukizunak aginduak ordezkatzen ditu”, esan du. Edozelan ere, azpimarratu du gizartea “prest” dagoela “susperraldirako”.