Maskara aire zabalean erabiltzeko derrigortasuna bertan behera, bihartik

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 9a, 17:27

Bi herritar maskara jantzita kalean.

Bihar, eguena, sartuko da indarrean maskarak aire zabalean erabiltzeko derrigortasuna bertan behera lagatzen duen dekretua. Espainiako Gobernuak hartu du erabakia. Ildo beretik, eskolako patioetan ez da zertan erabili beharko maskara. Dena den, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren kasuan, gaur, eguaztena elkartuko da LABI teknikoa eta bihar LABI politikoa eta batzarren ondoren jakinaraziko dute zein neurri malgutuko diren EAEn.

Abenduan berrezarri zen aire zabalean maskara derrigorrez erabili beharra, bihartik bertan behera geratuko dena. 

Hori bai, Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek gogora ekarri du erabilera publikoa duten espazio itxietan zein garraio publikoan maskara erabiltzeak derrigorra izaten segituko duela. Eta baita aire librean egiten diren jarduera jendetsuetan ere, ezin bada pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gorde.

EAEren berri, datozen orduotan

EAEri dagokionez, gaur, eguaztena, batzartuko da LABIren batzorde teknikoa eta bihar, berriz, instituzionala. Horren ondoren jakinaraziko du Iñigo Urkullu lehendakariak zeintzuk izango diren malgutuko diren neurriak. Adibidez, eskolako patioetan maskara erabiltzeari buruz erabakiko dute bertan.

Izan ere, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du COVIDaren aurkako protokoloa eguneratzea Osasun eta Hezkuntza sailen ardura dela. Gaineratu du kanpoaldean maskarak erabiltzeari uzteko dekretuaren zain daudela, ikastetxeetan prebentzio neurrien inguruko erabakiren bat hartzeko.

Dena den, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esandakoaren arabera, indarrean sartuko den dekretu berriaz gain, baloratu beharreko garrantzitsuena bilakaera epidemiologikoa da, eta, adierazi duenez, bilakaera positiboa izan du azken astean.