Autobus zerbitzu bat gehiago Donostiara joateko

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 9a, 09:50

Iaz, Donostiarako autobus zerbitzua bermatzeko eta hobetzeko eskaria eginez, 800 sinadura batu eta alkateari entregatu zizkioten. Izan ere, behin baino gehiagotan, hainbat herritarrek ezin izan zuten linea hori erabili, autobusa beteta zetorrelako zein autobusa ez zelako Soraluzetik pasatu. Udal ordezkariek herritarren eskaria Diputazioko ordezkariei helarazi zioten eta emaitza izan da Donostiara joateko zerbitzu bat gehiago ipini dutela, 11:05ean.

2020an zein 2021ean, udaberri, uda eta udazken inguruan, hainbat gorabehera gertatu ziren Donostiarako autobusarekin eta hainbat herritar geratu ziren zerbitzu hori erabili barik.

Kexuak aurkeztu zituzten enpresan eta Lurraldebusek eman zuen irtenbidea izan zen autobusean lekua ziurtatzeko, soraluzetarrek aldez aurretik erreserbatu behar zutela txartela. 

Hasiera batean, erreserba online bidez egitea zen aukera bakarra. Ondoren, telefonoz erreserbatzeko aukera ere eman zuten. Baina irtenbide horrekin konforme ez, eta, autobus txartelak saltzeko makina herrian ipin zezaten eskatzeko eta Soraluzeri dagokion autobus zerbitzua hobetzea eskatzeko sinadurak batzen hasi eta 800 soraluzetarrek babestu zuten eskaria.

Batzarra Diputazioko ordezkariekin

Alkateari helarazi zioten guztia, eta udal ordezkariek Diputazioko arduradunei eman zieten soraluzetarren eskariaren berri aurrez aurre; 2021eko urrian izan zen hori.

Bada, horren guztiaren emaitza izan da Donostiara joateko zerbitzu bat gehiago ipini duela Diputazioak, 11:05ean. Eta aldez aurretik eserlekua erreserbatzeko aukera mantendu egiten dela. Gaur egun, telefonoz egin daiteke hori, honako zenbakira deituta: 900 30 03 40.

Osterantzean, autobus txartelak herrian hartzeko aukerari “printzipioz” ez diotela “bide eman” jakinarazi du Iker Aldazabal alkateak. 

Ordutegia

Gaur egun, honakoa da Donostiara joateko autobusen ordutegia:

  • Soraluze           Donostia
  • 06:30                 07:25
  • 07:40                 08:35
  • 08:25                 09:20
  • 11:05                 12:00               
  • 14:15                15:10
  • 16:05                17:00
  • 19:05                20:00
  • 21:05                22:00