Bi greba egun deitu dituzte Osakidetzan

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 8a, 13:14

Mobilizazioak deitu dituzten sindikatuetako ordezkariak. Argazkia: SATSE.

Datorren otsailaren 25ean, barikua, greba egingo dute anbulatorioetan eta otsailaren 28an, berriz, Osakidetzako esparru guztietan. Tartean, otsailaren 26an, zapatua, manifestazioak egingo dituzte. ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte protesta ekimenak, “Osasun Sailaren inmobilismoaren eta konponbide ezaren aurrean”. 

Atzo, astelehena, prentsaurrekoan egin zuten ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek iragartzeko datozen asteotan indartu egingo dituztela Osakidetzaren gabeziak salatzeko protesta ekimenak. 

Otsailaren 25ean, barikua, anbulatorioetan, edo bestela esanda, lehen arreta publikoan deitu dute greba eta otsailaren 28an, berriz, Osakidetzako esparru guztietan.

Mobilizazio berri horien bidez, salatu nahi dute urtarrilaren 23an “manifestazio jendetsuak” egin arren, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela “pauso bakar bat ere eman” eta ez dutela “neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko”.

"Tratu txar sistematikoa"

Besteak beste, salatu dute oraingo egoera lehenagotik datorrela eta egiturazkoa dela eta kategoria batzuetako langileak kontratatzeko zailtasunak baldin badaude, hori dela "Osasun Sailak azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa": "Alde batetik, 50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira. Datu gisa aipatu daiteke atzerrira lan egitera irteteko egokitasun ziurtagirien eskaerek gora egin dutela nabarmen; eta mugikortasun prozesuetan lehen arretan hutsik geratzen diren lanpostuen kopurua handitu egin dela ere.

Zoritxarrez, egoera hori ez da lehen arretan bakarrik gertatzen. Beste hainbeste gertatzen da arreta maila guztietan eta kategoria guztietan. Osakidetza guztiok gara.

Horrez gain, lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza ikuspegirik eza eta baliabide eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster”.