Atzo, astelehena, otsailaren 12rako deituta dauden mobilizazioak izan zituzten hizpide pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Estatu osoan deitu dituzte protesta ekimenak. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren kasuan, Bilbon egin du Euskadiko manifestaziorako hitzordua. Iragarri dutenez, Nafarroan ere badituzte mobilizatzeko deiak.
Bilbora joateko autobusa abiatuko da Debabarrenetik ere eta atzo jakinarazi zuten Soraluzetik ere izango dela autobusa hartzeko aukera. Atzo bertan eman zuen izena batek baino gehiagok. Dena den, datozen egunotan norbaitek izena eman nahi badu Txaro Leteri abisatu behar dio.
Hiru eskaera nagusi
Bilboko manifestazioan honako hiru aldarrikapen nagusi egingo dituzte:
- "2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, "KPI errealaren" igoeraren arabera (urteko KPI metatua), 2011ko erreformaren aurretik egin zen bezala, eta 2021ean pentsioen erosteko ahalmenaren % 3ko galera konpentsatzea".
- "Pobrezia-atalasetik beherako pentsiorik ez dadila egon bermatzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz LGSrekin parekatu arte, eta, batez besteko soldataren % 60an kokatzea, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren arabera, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa da".
- "Pentsio publiko duin bidezkoak eta bizitzeko bestekoak eta Pentsio Sistemaren izaera publikoa bermatzea, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetuz eta sistemaren pribatizazio osoa edo partziala baztertuz, edozein formula erabilita ere".