Gaur hasi eta barikura bitartean, Eibar-Bergara norazkoan doazen autobusak Sagar Errekan eta saihesbiderako irteeran (Lucio Ariznabarreta tailerraren ondoan) hartu beharko dira, aste osoan zehar, Loralden luizia dela eta hondatutako ezponda konpontzeko lanak egingo dituztelako. Hala jakinarazi zuen Soraluzeko Udalak joan zen astean.
M.G. herritarrak autobus zerbitzu hori erabiltzen du eta kexu agertu da geltokiak lekuz aldatzeko erabakiarekin eta idatziz eskatu die Alkateari, Aldundiari eta Trafiko sailari autobusak Ezozibideko eta Txurrukengo geltokietatik bidera ditzatela. Idatzian azaldu duenez, Sagar Errekako geltokia Ezozibideko biribilgunekoa baino “kilometro bat urrunago” dago, saihesbideko geltokia “errepidean dago” eta bertan ez dago “inongo azpiegiturarik”. “Segurtasuna falta da, are gehiago ilun dagoenean”, salatu du.
M.G.-ren ustez, geltokiak “urrun daude eta arriskutsuak dira” eta erakundeek “erraz” konpondu dezakete hori, Ezozibideko eta Txurrukengo geltokietatik bideratuta.