Aurten irabazle izan diren hiru lehiakideek, zuzenean edo zeharka, eskarmentu luzea dute San Blas opilen lehiaketan.
Luis Fernando Zabalak kontatu duenez, bere familiako kideren batek beti parte hartu izan du, arreba ez bada osabak edo izebak… Bera iaz animatu zen lehen aldiz eta gainera, irabazi egin zuen, beraz, aurten errepikatu egin du garaipena. Pozik zegoen.
Maialen Larrañaga ere ezagun askoa da opilen lehiaketan. Mendaron bizi arren, urtero etortzen da San Blas egunean eta aurten bigarren sariarekin bueltatuko da etxera.
Hirugarren saria, berriz, Bergaran bizi den Ezozi Perez de Labeagak eskuratu du. Gazi-gozo geratu da hura. Ez lehiaketako emaitzarengatik baizik eta Bergaratik propio etorri baita opilak bedeinkatzera gero lehiaketan parte hartzeko eta ezustekoa hartu du bedeinkapenik ez zegoela jakin duenean. Esan duenez, Bergaran bedeinkatu dituzte opilak. Kontuak kontu, Perez de Labeagak ere kontatu du urtero parte hartzen duela opil lehiaketan.
Sari-ematearen ondoren, ri-rau bukatu dira lehiaketara aurkeztu diren sanblasak, batik bat, plazara gerturatu diren umeek gustura asko janda.