Langabezia abenduan baino beherago

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 2a, 16:01

Udal langileak. Artxiboa.

Urte hasierak lagatako datuen arabera, zertxobait behera egin du langabezia-tasak Soraluzen. 12,59ko tasa izan du urtarrilak eta abenduan, berriz, 13,08koa izan zen. Dena den, Soraluzekoak segitzen du izaten eskualdeko tasarik handiena. 

Langabe kopuruari dagokionez, berriz, urtarrilean abenduan baino 9 langabe gutxiago kontabilizatu dituzte herrian. 

Bestalde, iazko urtarrilarekin alderatuta, aurtengo datuak hobeak dira, 24 langabe gutxiago baitaude 2022. urte hasieran.

Hori bai, eskualdeari begiratua eginez, Soraluzek segitzen du izaten daturik okerrena, Eibarren ondoren. Biek ala biek gainditzen dute 12ko langabezia tasa. Gainerako udalerri guztiek, berriz, 9tik beherako tasa dute. Baina Soraluzeko eta Eibarko tasen ondorioz, eskualdeko bataz bestekoa 10,22koa da. 

Gora

Lurraldeka, berriz, Araban % 0,63 hazi zen langabezia, abenduan baino 122 langabe gehiagorekin eta 19.536 langabeturekin. Urtarrilean portaera onena izan duen lurraldea da. Gipuzkoan % 1,01ekoa izan da igoera, 310 langabe gehiagorekin eta 30.863 langaberekin.

Bizkaia da urtarrilean portaera txarrena izan duen lurraldea, % 1,03ko igoerarekin, 667 langabetu gehiagorekin, eta 65.545 langabe daude.

Urteko saldoan, berriz, portaera onena Arabari dagokio, % 11,90eko jaitsiera erlatiboarekin; ondoren, Gipuzkoa ( % -11,77) eta Bizkaia ( % -10,92) daude. Hiriburuen artean, Bilbon 530 langabe gehiago daude (+%2,39), Gasteizen 158 gehiago (+%1,5) eta Donostian 280 gehiago (+%3,80).

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako datuen arabera, duela urtebete baino 14.786 langabe gutxiago daude Euskadin.

Debabarreneko datuak

Kopurue dagokienez, hona hemen Debabarreneko udalerrietako datuak:

  • Eibar   1.535   12,09
  • Elgoibar   459  8,47
  • Mendaro   76    7,48
  • Deba       160     6,13
  • Mutriku     214   8,24
  • Soraluze    235   12,59
  • Debabarrena 2.679  10,22