Covid Ziurtagiria luzatzeari uko egin dio Auzitegi Nagusiak

Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 14:26

Ziurtagiria mugikorrean. Iturria: Goiena.eus.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman dio ziurtagiriaren erabilera hamabost egunez luzatzeko Eusko Jaurlaritzak egin zion eskaerari. Ondorioz, uneotan gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan bakarrik izango da indarrean araua. 

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur eguerdian erantzun dio Eusko Jaurlaritzak Covid Ziurtagiri Digitala otsailaren 13ra arte luzatzeko eta zabaltzeko egindako eskaerari, ezezkoa emanez. Ondorioz, auzitegiak abenduaren 14an auzitegi horrek berak onartu eta urtarrilaren 31ra arte ezarrita zeuden neurriak gelditu dira bertan behera, ez ostera abenduaren 5ean indarrean ezarri zituzten arauak, zeintzuek agintzen duten gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan ziurtagiria eskatu behar dela,EAEko intzidentzia-tasa 150etik beherakoa izan arte. Gainerakoan, araudi horrek ez du epe-muga zehatzik. 

Eguerdian, kazetariek erabakiari helegiterik jarriko dioten edota ebazpenaren inguruko lehen baloraziorik egingo duten galdetu diete Sagardui eta Zupiria sailburuei baina hauek ez dute erantzun, datozen orduetan Jaurlaritzak balorazio bateratu bat egingo duela esanez.