Aurten itxiko da arrandegia

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 31a, 18:11

Juan Mari Gurrutxaga arrainduna, azokako saltokian.

Juan Mari arrandegiak itxi egin behar du negozioa, aurten. Bertako ugazaba Juan Mari Gurrutxaga elgoibartarrak erretiroa hartzea erabaki du eta oraingoz, ez dago beste inor arrandegiarekin jarraitzeko prest dagoenik. 

Arrandegia ixteko datarik izan ez arren, Juan Mari arraindunak argi dauka aurten negozioa itxi egingo duela. Erretiroa aurreratu egingo du eta, momentuz, ez du inor arrandegiarekin jarraitzeko prest egongo denik. 

Mugimendurik ez eta zailtasunak

Gurrutxaga bera ere ezkorra da arrandegia moduko denda txikien etorkizunarekiko. Adierazi du berak "mugimendua" ikusiko balu, prest legokeela beste pare bat urtez-edo arrandegiarekin segitzeko, baina egoera orain dagoen moduan ez duela merezi: “Ez dabil ia jenderik, pandemiaren eraginaz aparte, kanpoan erosten da larregi, Internetez ere bai... Horrez gain, gazteak beste mentalitate batekin datoz. Bestalde, gero eta zailagoa da denda txikiari eustea. Ticket Bai dela, langileak kontratatzeko zailtasunak direla... Administrazioak ez du batere erraztasunik ematen. Ni oso ezkorra naiz denda txikien etorkizunarekiko. Ez bada ezer aldatzen, hemendik 10 urtera denak edo ia denak itxita egongo dira. Adibidez, Eroski baletor, ederra mesedea herriarendako. Herrian bertan erosten duen jende mugimendua handitu egingo litzateke, batez ere, hemen, herriaren goi alde honetan”.

Herrian eman den jaitsieraren adierazle diren bi datu gaineratu ditu Gurrutxagak: "Nik arrandegia zabaldu nuenean, orain dela 37 urte, herri honetan bost arrandegi eta 14 harategi zeuden".