Sorgin-ehiza disidentzia politikoa ezabatzeko tresna gisa

Egoitz Unamuno 2022ko urt. 31a, 08:35

Barikuan, Sugarren Mende liburua aurkeztu zuten Asisko Urmeneta komikilariak eta Helena Xurio historialariak Gaztetxean. XV. eta XVI. mendeetan, Espainiako zein Frantziako inkisizioak Euskal Herrian burutu zuten “sorgin-ehiza”ren gaineko ikerketaren xehetasunak azaldu zituzten, mende oso batez luzatu zen jazarpen prozesua Nafarroako Erreinuaren konkistaren testuinguruari lotuz.

Hogeita bosten bat herritar batu ziren barikuan Gaztetxean, Urmenetak eta Xuriok eskaini zuten hitzaldia entzutera. Bertan azaldu zuten nola munduko beste hainbat lekutan bezala, Euskal Herrian ere konkistatzaileek sorgin, sekta sataniko, erritual kanibal eta bestelako hamaika akusazio asmatu zituzten komunitatearen antolaketa eta disidentzia politikoa ezabatzeko. "Kasualitatez, Gaztelako Erreinuak 1512an Nafarroako Erreinua inbaditu eta hiru-lau urtera abiatu ziren  Nafarroa Garaian sorginkeria eta deabruaren aginduetara jokatzea egozten zieten herritarren aurkako prozesu zigortzaileak; adin eta genero guztietako pertsonak torturatu, espetxeratu edota erre zituzten". Sorgin-ehiza mende batez luzatu zuten eta ondoren, bat-batean, inkisizioak bertan behera laga zituen sorginkeria akusazio guztiak, 1611n Gaztelako Erreinuak eta Frantziakoak bakea sinatu zutenean. Urmenetaren eta Xurioren iritziz, sorginen inguruko kontu guzti horiek asmakeria hutsa dira, munduko beste leku batzuetan bezala, konkista edo kolonizazio prozesuak garatzeko erreminta gisa erabili direnak.  

Urmenetaren eta Xurioren ikerketaz eta tesiaz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Elgoibarko Barren komunikabideak egindako elkarrizketa.