Gaur iluntzean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi dutenez, “zuhurtziarengatik” erabaki dute orain arteko neurriek beste bi astez luzatuko direla, oraingo “egoera epidemiologikoa eta LABI teknikoaren aholkuak kontuan hartuta”.
Gaineratu du azkenaldiko “beheranzko joera” moteltzen ari dela eta datozen asteotan, nahi dutela ikusi zein izango den pandemiaren bilakaera. Uste du gaur gaurkoz, “ziurgabetasun” egoeran bizi garela.
Kontuak kontu, gaur iragarritakoaren arabera, honako neurri murriztaileak izango dira otsailaren 13ra bitartean.
- Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etan izango da.
- Oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barnealdean.
- Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako gehienez 600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeko gehienekoa 800 pertsonakoa da, eta 1.200 pertsonakoa kanpokoetan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da; nolanahi ere, Estatuan beste muga jakin bat aplikatu ahal izango da.
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatuta dago zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez 10 pertsonara mugatzen dira, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia metro eta erdikoa izango da. Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie gazteen lokalei edo lonjei, txokoei eta elkarte gastronomikoei.
- Barrualdeko kirol-jarduera gehienez 10 pertsonako taldeetan egituratu beharko da. Aldagelak % 50ean bakarrik bete ahal izango dira.
Ziurtagiria
COVID ziurtagiriari dagokionez, berriz, hura ere otsailaren 13ra arte erabiltzen segituko da eta gainera, beste bi lekutan ere eskatu beharko da: hoteletan eta turismo ostatutan eta joko aretoetan.
Hori horrela, Sagarduik gogora ekarri du honako lekuetan erakutsi beharko dela COVID ziurtagiria:
- Zentro soziosanitarioetan, ospitaleetan eta zahar etxeetan.
- Kiroldegietan zein gimnasioetan. Jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten denean, kirolariei, laguntzaileei eta publikoari.
- Kartzeletan.
- Ostalaritzako establezimenduetan.
- Hoteletan eta turismo ostatuetan
- Joko aretoetan
- Kultura aretoetan, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura edo arte ekitaldiak egiten diren lekuetan.
Gaur iragarritako neurri horien gaineko dekretua gaur bertan argitaratuko dute eta argitaratu eta berehala sartuko da indarrean.
48 positibo
Soraluzeko datuei dagokienez, berriz, atzo, eguena, eguneratutako datuen arabera, 48 positibo atzeman dituzte urtarrilaren 20tik urtarrilaren 26ra bitartean eta intzidentzia-tasa metatua, berriz, da 3019,63.
Bestalde, Plaentxi Eskolako HH5 mailan baheketa egingo du Osakidetzak. Maila horretan laugarren positiboa atzeman dutela-eta, hori egin beharra ikusi dute.