Zorpetzea eta diru kopuru handien erabilera kritikatu du oposizioak

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 27a, 17:39

Atzoko osokoan, 2022ko udal aurrekontua EH Bildu koalizioaren abstentzioarekin onartu zen. Koalizioko bozeramale Unai Larreategik emandako azalpenean, besteak beste, kritikatu zuen Udalak kreditua eskatzea eta SAPA birgaitzeko zein Kalebarrengo etxea zaharberritzeko horrenbesteko diru bideratzea. 

500.000 euroko kreditu-eskaeraren harira, atzo, Unai Larreategi EH Bilduko bozeramaleak azpimarratu zuen Udalean "apenas" gelditzen dela dirurik inbertsioetarako, gogora ekarriz " urteak" daramatzatela esandako hori errepikatzen. Horrekin batera, adierazi esan zuen Udalaren egoera ekonomikoaren ondorioz eskatu dela kreditua. Larreategik "ondo" ikusten du energia inbertsioetarako zorpetzea, baina uste du ez dela "seinale ona kaleen mantenuak egiteko zorpetzea".

EH Bilduren proposamenak aurrekontuan

Bestalde, oposizioko bozeramaleak nabarmendu zuenez, Udal Gobernuak EHBilduk azken urteetan aurrekontu eztabaidetan mahai gaineratu izan dituen "hainbat proposamen" jaso ditu aurrekontuan. Hiru adibide aipatu zituen Larreategik:"kiroldegiko energia efizientziarako inbertsioak, udaletxeko teilatuaren konponketa eta kableatu elektrikoa berriztatzea". 

Horrekin batera, jakinarazi zuen aurtengo aurrekontuan EH Bilduren bi proposamen onartu direla "herriko negozioetan erreleboa hartzen duenarentzat 3.000 euroko laguntza zuzena -guztira, 6.000 euro daude onartuta" eta "efizientzia energetikoa hobetzeko egiten diren eraikinak birgaitzeko %90eko hobaria eskaintzea obra lizentzietan". Bestalde, iaztik gauzatzeke dauden proiektuak ere ekarri zituen gogora: "U" gaina estaltzea eta komun publiko berriak egitea. 

"Gehiegizko" gastua Kalebarrenen eta SAPAn 

Gainerakoan, oposizioko koalizioari "gehiegizkoa" iruditzen zaio Kalebarrenen "50 m2-ko bi gela ateratzeko 450.000 euro inbertitzea. 4.500 euro m2-ko oso goitik dago Soraluzen lokal komertzialek duten kostu orokorrarekiko", salatu zuen Larreategik.  Bestalde, SAPArako 700.000 euroko laguntzarekin lotuta,  adierazi zuen hura jasota ere, beste 400.000 euro falta direla Udalean eskuartean duten SAPArako proiektua gauzatzeko. 
Era berean, oposizioko buruak zalantza adierazi zuen SAPA eremua birgaitzeko bideratuko den diruari (milioi bat euro baino gehiago), aterako zaion "errendimendua"-ren inguduan, herrian dauden gainerako beharrak kontuan hartuta. "SAPA ondo geratuko da, baina diru asko da", adierazi zuen. 

Oposizioaren boto azalpen osoa segidan irakurgai: 

Aurten ere azken urteetako egoera berdinaren aurrean aurkitu gara aurrekontuak osatzeko orduan. Ohiko gastuak inkorporatuta apenas gelditzen da dirurik inbertsioetarako. Urteak daramatzagu errepikatu eta errepikatu badela garaia gertatzen ari zaiguna aztertu eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Arazo estruktural bat daukagu, ondorioz ez da inertzia hutsez konponduko. Askotan agertu izan dugu gure prestutasuna ariketa konpleju horretan laguntzeko. Agintaldiko azken urtean ez dakigu gaiari heltzeko borondaterik izango duzuen udal gobernutik baina EHBildun argi daukagu dugu urtebete barru izango diren udal hauteskundeen ostean egingo dugun lehen lana horixe izango dala. Soraluzek dituen beharren, lehentasunen arabera errekurtsoen goitik beherako berrantolaketa bat.

Egoera ekonomiko horren ondorioz 2022ko aurrekontuetan 500.000€tako kreditua eskatuko da. Bestela ez dagoelako dirurik inbertsioetarako. Energia inbertsioetarako zorpetzea ondo ikusten dugu baina kaleen mantenurako zorpetu behar izatea ez da seinale ona. Etorkizun hurbilean aurrera atera nahi ditugun proiektu estrategikoetan tokatuko zaigu gainera mailegu berri eta handiagoak ere eskatzea eta horretarako komeni zaiguna zorra gutxitzen joatea da ez handitzen.

Aurtengo aurrekontu proposamenean hasieratik jaso ditu Udal Gobernuak EHBilduk azken urteetan aurrekontu eztabaidetan mahai gainean jarri izan dituen hainbat proposamen: Kiroldegiko energia efizientziarako inbertsioak, udaletxeko teilatuaren konponketa, kableatu elektrikoaren berriztatzea, irisgarritasuna hobetzeko aktuazioetan sakontzea, hezkuntza proiektua, edota Baso Biziak elkarteari dirulaguntza... Lehenago egin beharreko inbertsioak ziren gure iritziz baina berandu bada ere badatozela dirudi, beraz ongietorriak dira. Iazko aurrekontuetatik ere badauzkagu pendiente “U” gaina estaltzeko zein Komun Publiko berriak egiteko konpromezuak. Herriko etxebizitza beharren azterlana ere bideratzea onartuta dago eta EHBildutik ardura hartuta daukagu proposamenaren oinarria osatzeko. Agintaldia bukatzeko urtebete bakarrik falta dela ikusita EHBilduko zinegotziok gure ahaleginak proiektu hauek egoki bideratzen jarriko ditugu.

Bi proposamen berri ere propostu dizkiogu EHBildutik aurtengo aurrekontuari.

  • ●  Herriko negozioetan erreleboa hartzen duenarentzat 3.000€tako laguntza zuzena ematea. Hainbat

    negoziotako jabeak jubilatuko dira datozen urteetan zehar eta horiek zabalik mantentzen ahalegin berezia

    egin behar dugulakoan gaude. Horretarako 6.000€tako partida bat izendatu da 2022rako.

  • ●  Efizientzia energetikoa hobetzeko helburuz egiten diren eraikinen birgaitzeetarako %90eko hobaria inplementatzea obra lizentzietan. Datozen urteetan dirulaguntzak handituko dira eraikinetan efizientzia energetikoa zein irisgarritasuna hobetzen duten proiektuetarako (batez ere europar funtsetatik -Next Generation, zein Debabarrenako ponentziak eman dezakeenetik). Soraluzeko eraikinen birgaitzea aktiboki

    bultzatzea tokatuko zaio udalari ere eta neurri hori borondate horren adierazle bat izango litzateke.

    Aurrekontuetan ageri den Kalebarreneko lokalaren egokitzapenarekin planteatzen den inbertsioa gehiegizkoa iruditzen zaigu. Diputaziotik jasoko da %75a baina diru publikoaren erabilpenari begira neurriz gaindikoa da 50m2-tako bi gela ateratzeko 450.000€ inbertitzea. Azken finean 4.500€/m2-ko kostua oso goitik dago Soraluzen lokal komertzialek daukaten kostu orokorrarekiko. Guk geuk proposatutako gai bat izan da Lanbidetik langabeentzat kurtsoak emateko aukera herrian bertan ipintzea baina esandako moduan gehiegizko inbertsioa iruditzen zaigu. Eraikina eskuratu zenean ez zegoen argi ze erabilpen emango zitzaion, gainera jakinekoa zen garestia izango zela berriztea eta orain proiektu hau behartu xamar sartu dela iruditzen zaigu. Gainera lokalak ez du aukerarik emango sustapen ekonomikorako beste erabilpenik emateko (adibidez coworking gune bat sortzea).

    Bukatzeko kezka adierazi nahi dugu aurtengo aurrekontuen kudeaketan hainbat Batzordetan egin den lanketarekin. Batzorde batzuetan eztabaidarik ez da eman eta ondorioz hankamotz daude hainbat proiektu. Adibide moduan gaur pleno aurretik landu da Hezkuntza Batzordean 2022ko aurrekontua. Batzorde hauetan ondorioz hainbat moldaketa egitekotan martxoko remanentearen zain geratu beharko gara.

Guzti hau kontuan izanda abstenitzea erabaki dugu EHBilduko zinegotziok. Ikusten den moduan elkarlanerako eremu batzuk eraikita baditugulako baina beste hainbat gaiekin egiten ari den lanketarekin kritiko ere bageralako.