Iker Aldazabal alkateak azaldu zuenez, aurrekontuan sartutako gastuen artean, udal langileen soldata %2 handituko da eta alkatearen soldata, berriz, legealdi hasierako kopurura bueltatuko da. Izan ere, iaz, %10,58 jaitsi zuen alkateak bere soldata eta orain, “egoera normalizatu denez”, lehengora bueltatuko da: 2.700 euro.
Hori jakinarazi ondoren, inbertsioen zerrenda azaldu zuen Aldazabalek, izan ere, aurten nabarmen handia da inbertsioei zuzendutako kapitulua: 1.040.902 euro.
Inbertsioetatik kopururik handiena Kalebarren 8ko etxea -Udalak bereganatutakoa- zaharberritzera bideratuko da: 455.902 euro. Hortik 342.000 euro inguru Diputazioak emango ditu.
“Lokal horren helburua enplegagarritasunari bide ematea da, kontuan hartuta Soraluzek daukala Gipuzkoako langabezia-tasarik handiena. Baina udalerriak duen lokal falta kontuan hartuta, erabilera anitzeko espazioa izango da, emakumeak ahalduntzeko beharretarako, Open gela modura erabiltzeko, auzo-komunitateen erabilerarako, Bizikalek erabiltzeko…”.
Bigarren kopururik handiena, berriz, kiroldegi gainean eguzki plakak ipintzeko izango da -90.000 euro-: “Eraikin publikoen artean kontsumorik handiena kiroldegiak duela kontuan hartuta, eguzki plaken aldeko apustua egin dugu, energia berriztagarrien aldeko apustua egiteaz bat kostua murrizteko”.
Eta hirugarrena kopururik handiena, beste 90.000 euro, udaletxeko teilatua konpontzeko izango da.
Inbertsio guztien taula osoa albistearen amaieran dago.
SAPAra 700.000 euro
Horrez aparte, Iker Aldazabalek jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 700.000 euroko laguntza emango duela SAPA birgaitzeko proiekturako. Horri gehitzen bazaizkio Diputazioak eman dituen azken laguntzak, alkateak azpimarratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.118.400 euro emango dituela laguntzetan Soraluzerendako.
Horrez aparte, gogora ekarri zuen orain dela pare bat aste Eusko Legebiltzarrean Debabarrena Suspertzeko ponentzia aurkezten egon zela eta han argi laga zuela zeintzuk diren Soraluzeren beharrak eta zehaztu zituela, baita ere, lehentasunak, guztiak ere, Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostutakoak.
Inbertsio taula