Erantzun eskuzabala

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 24a, 09:23

Hainbat odol emaile Itxaropenako aretoan, barikuan.

Pozik daude Soraluzeko Odol Emaileen Elkartekoak barikuan eskuratutako emaitzarekin. Odol beharrarekin lotuta egindako deialdia aintzat hartu eta 47 herritar bertaratu ziren odola ematera Itxaropena Erretiratuen Elkartera, gainera, horien artetik, hiru lehen aldiz.

Barikuan, espero baino odol emaile gehiagok erantzun zien odol emaileen elkartekoen deialdiari. 47 odol poltsa batu zituzten. Konparazioa egitearren, azkeneko deialdian, azarokoan, 26 poltsa batu zituzten bakarrik. 

Emaile gehienek aldez aurretik hartuta zuten txanda, baina azken momentuan bertaratzea erabaki zuenik ere izan zen. Eta bertaratu zirenen artean, hiru lehen aldiz animatu ziren odola ematera. Horri balio berezia ematen diote elkartekoek, behin eman ondoren, errazagoa baita hurrengoan ere animatzea-eta.

Aurtengo egutegia

Bestalde, aurtengo odol ateraldien egutegia helarazi dute Soraluzeko Odol Emaileen Elkartekoek. Ohi moduan, bi hiletik behin etorriko dira Soraluzera odola ateratzera, honako hilabeteetan eta egunotan:

  • Martxoaren 25ean
  • Maiatzaren 20an
  • Uztailaren 22an
  • Irailaren 23an
  • Azaroaren 25ean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.