Gaztetxo bat atera behar izan dute igogailutik

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 18a, 11:56

Suhiltzaileak Estaziñoan gaur goizean. Argazkia: Pedro Lete.

Gaur goizean, 07:45ean, 13 urteko gaztetxo bat Estaziñoko igogailu barruan geratu da irten ezinda. Ordubete osoa egon da bertan, harik eta suhiltzaileek atea libratzea lortu duten arte. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, gaur goizean, hiru igogailu geratu dira ataskatuta, ustez, hotzaren eraginez.

Gaur goizean, momentu txarra pasatu du 13 urteko gaztetxo batek, Estaziñoko igogailua ez atzera eta ez aurrera geratu denean, 07:45ean, Institutura zihoala. Udaltzaingoak esandakoaren arabera, egoera ikustean, herritar bat ahalegindu da igogailuaren atea zabaltzen, baina atea lekutik atera du.

Horren ondorioz, suhiltzaileak bertaratu direnean, ezin izan dute igogailuko atea eurek duten larrialdiko giltzarekin zabaldu, atea lekutik aterata zegoelako, eta, horregatik kostatu zaie ordubete inguru gaztetxoa ateratzea, 08:45ean lortu ere.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, gaur goizean, Estaziñoko, Atxuriko eta Galipoteko igogailua, hirurak gelditu dira ataskatuta, ustez hotzaren eraginez.