Gaur, 45 bat lagun elkartu dira Plaza Berrian pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. 2015ean hasi ziren mobilizatzen eta lau urteotako borrokari esker eskuratutako lorpenak nabarmendu dituzte: "Aldarrikapen batzuk bermatu dira. Borrokatu dugu, hainbat argudioei aurka egin diegu, proposamenak egin ditugu. Pentsioen erreformaren 1. zatian (2021eko abenduaren 2an) sartutako zuzenketetan, badira partzialki positiboak diren elementuak, besteak beste: alarguntza-pentsioan izatezko bikoteak aintzat hartzea. Ezinduen pentsioa eskuratzeko aukerak hobetzea. Pentsioen gastu debideratuei buruzko auditoria egiteko konpromisoa hartu behar izan du Estatuko Gobernuak. Banaketa bidezko Pentsioen Sistema Publikoa jasangarria dela eta bidezkoena eta sozialena dela frogatu dugu".
Horrekin batera, nabarmendu dute indartsu segitzen dutela: “Lau urteren ondoren, eta Covid-19aren 6 olaturen ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bizirik eta indartsu jarraitzen du, urtarrilaren 15ean, larunbatean, frogatu genuen bezala”.
Urtarrilaren 23an protestara
Ildo horretan, jakinarazi dute zapatuko manifestazioetan15.000 lagunek parte hartu zutela: 10.500 Bilbon, 900 Gasteizen, 950 Iruñean, 1.500 Donostian, 800 Eibarren eta gainerakoak Ondarroan, Tafallan, Lizarran eta Altsasun.
Eta jakinarazi dute Osakidetzako sindikatuek deitutako urtarrilaren 23ko manifestazioetan ere izango direla, Bilbon, Donostian zein Gasteizen.