Pentsioak aurrekontu orokorretan legez blindatu arte borrokan segituko dute

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 15a, 19:19

Gaur, zapatua, 800 bat lagun elkartu da Eibarren pentsio publiko duinak aldarrikatzeko manifestazioan, baita soraluzetarrak ere. Protestaren amaieran, gogora ekarri dute lau urte daramatzatela pentsioen sistema publikoa defendatzen eta ohartarazi dute “behartuta daudela” borrokan “tinko” jarraitzera harik eta pentsioak aurrekontu orokorrean “legez blindatzea” lortu arte, ikusita “gobernu honen zati handi batek erreberentzia” egiten diela “botere ekonomikoei eta finantzarioei”. (Bideoa eta argazkiak: Pedro Lete).

Gaur, urtarrilak 15, lau urte bete dira pentsio publiko duinen aldeko mugimendua piztu eta kalean protestak egiten hasi zirenetik. Besteak beste, hori ere ekarri dute gogora eguerdian Eibarren egin duten manifestazioaren amaieran, Untzaga plazan irakurri duten komunikatuan.

Hain justu, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko kide Txaro Letek irakurri du protestaren amaierako manifestua. Soraluzetarrak, besteak beste, gogora ekarri du pentsioen aldeko protestak Rajoy gobernatzen zegoela hasi ondoren, Sanchezen gobernuan itxaropena jarri zutela baina hark ere ez dituela pentsiodunen aldarrikapenak bete. 

Frantzian, 62 urterekin

Letek gaineratu du Sanchezek Toledoko Ituna negoziatu duela UGTko eta CCOOko ordezkariekin pentsiodunak kontuan hartu gabe. Gogora ekarri du ez duela lan erreforma indargabetu eta erretiro adina 67 urtera luzatu duela. “Onartezina da. Frantzian 62 urterekin hartzen dute erretiroa”, adierazi du Letek. 

Eta besteak beste, azpimarratu du ikusita “gobernu horren zati handi batek erreberentzia egiten diela botere ekonomikoei eta finantzarioei eta pentsio plan pribatuei ateak irekitzen” ari direla (…) pentsioen alde “borrokan tinko” jarraitzea behartuta daudela “harik eta pentsioak legez blindatzea lortu arte aurrekontu orokorretan pentsiodunek bizitza duina izatea lortu arte (…) Gobernatzen duenak gobernatzen duela ere pentsio publikoak defendatzen dira!”.