Gabonetako zuhaitzak jasoko dituzte konposta egiteko

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 12a, 15:18

Izeiak mendian. Argazkia: Debabarreneko Mankomunitatea.

Debabarreneko Mankomunitateak Gabonetako zuhaitz naturalak batu egingo ditu, zuhaitz horiek konposta egiteko material egituratzaile bihurtzeko helburuarekin. Eibarren batuko ditu zuhaitzak, barikuan eta astelehenean. Zuhaitza laga nahi duenak aldez aurretik abisatu egin behar du.

Gabonetako izei naturalek ez dituztenez zuztarrik izaten, ezin dira birlandatu. Hori dela-eta, Mankomunitateak halako zuhaitzak batu egingo dituela jakinarazi du.

Eibarren egingo du bilketa, edukiontzi ondoetan. Zuhaitzen bat laga nahi duenak barikuan edo astelehenean laga dezake, 20:00etatik 21:00ak bitartean. Hori bai, aldez aurretik abisatu egin beharko du honako telefono zenbakira deituta: 943 70 07 99.  

Mankomunitateak ohartarazi du ez dituela batuko naturalak ez diren zuhaitzak, hau da, plastikozko edo bestelako material batzuetako arbolak ez ditu batuko.