Astelehenean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, aurrerantzean, farmaziako testetan positibo ematen duten herritarrek, laneko baja hartzeko gaixo agiririk behar ez badute edo sintoma larririk ez badituzte, ez dute Osakidetzan proba diagnostikorako hitzordurik eskatu beharko.
Auto-isolatu
Era berean, esan zutenez, hemendik aurrera, farmazia-proba batean positibo ematen duen pertsona bat etxean isolatu behar da, COVID izateko probabilitate handiagatik. Sintomek okerrera egiten badute, berriz, lehen mailako arretak artatuko du. Baja bat kudeatzeko pertsonak baieztapena behar badu, berriz, webguneko formularioa bete behar da, botikako testari buruzkoa, positiboa dela baieztatzeko.
Kontaktu zuzenak
Positibo baten kontaktu zuzenei dagokienez, berriz, atzo eman zuen aldaketen berri Osasun sailburuak. Sagarduik jakinarazi zuen orain arte, kasu positibo baten kontaktu estutzat jotzen diren pertsona guztiei eskatu izan zaiela horren berri Osakidetzari jakinarazteko, Osakidetzak proba diagnostiko baterako hitzordua bidal ziezaien, SMS bidez. Orain, berriz, talde hori mugatu eta kolektibo kalteberetako kontaktu estuei baino ez zaiela egingo proba diagnostikoa:
- 70 urteko edo gehiagoko pertsonak
- Immunoeskasia dutenak
- Haurdun dauden emakumeak
- Txertoa jarrita ez dutenak
- Gaixotasun kroniko moderatua-larria (bilakaera luzeko diabetesa edo kontrol txarrekoa, gaixotasun hepatiko kronikoa, giltzurrunetako gaixotasun kronikoa, besteak beste) erregistratuta dutenak
Gainerako biztanleek prebentzio-neurriak zorrotz bete beharko dituzte eta erne egon, sintomak agertzen ote diren.
Hitzordua eskatzeko, berriz, honako pausoak segitu beharko dira:
- Euskadi.eus web-orriko “Nola jokatzen dut?” ataleko inprimakiaren bidez
- Osasun-zentrora deituz.
- Horrez gainera, Osakidetzak bide zuzena ere gehitu du, AURRETIKO HITZORDUA atalaren bidez. Atal horretan, lehen mailako arretako langileekin kontsulta egiteko edo txertaketarako hitzordua hartzen da. Aurrerantzean, proba diagnostikorako hitzordua eskatzeko aukera ere izango dute.